Jende Xumea – Gipuzkoa – 2021/08/01-2021/08/08

Abuztuko hilabetea Almanjayar auzoan hasi genuen. Hau Granadako Iparraldeko barrutian kokatzen da, hiriko ipar-mendebaldean hain zuzen; iparraldean Viznar eta Alfacar hirien mugakidea da, mendebaldean Pulianas dago, hegoaldean Jaeneko errepidea du eta ekialdean Beiro ibaia.

Ez baduzue Almanjayarri buruz ezer ezagutzen eta Interneten begiratzen baduzue, aste bateko abantaila dugu gauzak aurkezten diren moduan ez direla esateko.

Ukaezina da lehenengo egunean errealitate gordinean murgiltzea oso zaila izan zela, eta poliki poliki ezagutu ditugun egoerek sentimendu hori handitu dutela. Ez da erreza gure konfort zonatik ateratzea eta gure aurreiritziei eta irudikapenei aurre egitea. Hala ere, Almanjayar harrera oso ona egin digun auzoa izan da, eta ALFAk zerikusi handia izan du horretan.

Ibilbide handia duen elkarte bat ezagutzeko aukera izan dugu, mila proiektu bere gain hartzen dituena, harantzago begiratu eta auzo honen alde positiboa bistan jarri eta indartu nahi duena, auzokideen laguntzarekin. Azpiegitura guzti honek hemen gure lana EGOTEAN oinarritzen dela erakutsi digu, eta ez hainbeste gauza berriak antolatzen edo diseinatzen.

“Infancia” eremuan EGON, 3-16 urte bitarteko umeekin, ikasten, jolasten eta partekatzen; “Economato” eremuan EGON, auzoko jendeari oinarrizko produktuak eskaintzen, bakoitzaren egoerari egokitutako prezioan, modu duin batean; Zagalillas-ekin EGON, zentroko nagusienak direnak, 70-85 urte bitartekoak, arratsalde pasa, hizketan, margotzen, Bingora jolasten, informatikan…

Aste honetan gure azalean bizi eta ulertu dugu gutako bakoitzaren presentziaren garrantzia; modu bisual batean zerbait egin beharrean, ondoan dugunari ikusten dugula eta bera interesatzen zaigula sentiaraztea.

Era berean, ALFAk egiten duen lanari balioa eman diogu, lortzen ari direna mirestea, guk ikusi dugunaz haratago heltzen dena.

Nahiz eta auzoaren izenaren jatorria oso argia ez izan, etimologian adituak diren askok bat egiten dute Almanjayar hitza arabiar «Al-Masayij»-etik datorrela esatean, “maisuen zelaia” esan nahi duena. Egun hauetan gazte askok “maisu”, “andereño”, “irakasle” deitu gaituzte hainbestetan… orain arte ez garela konturatu gu izan garela auzo honetan benetako ikasleak, eta haiek gure irakasleak.

Ikasten eta bidea egiten jarraitzen dugu.