Beiruteko leherketaren ondorioei aurre egiteko Larrialdi Proiektua (2020.08.04)

Abuztuaren 4an, inpaktu handiko leherketa batek Beiruteko erdigunea suntsitu zuen, ehun pertsona baino gehiago hil eta milaka gehiago zauritu. Leherketak Libanoko hiriburuko portualdea astindu zuen, eraikinak suntsitu zituen eta kalte handiak eragin zizkien Collège Sacré Coeur-Frères Gemmayzé, Collège Notre Dame eta École Saint Vincent de Paul salletar eskolei. Kalteen kuantifikazio ekonomikoa oraindik ez dago kalkulatuta.

Abuztuaren 5ean Fondazione De La Salle Solidarietà Internazionale ONLUS delakoaren bidez jasotako informaziotik abiatuz eta Fratelli proiektuko arduradunarekin izandako zuzeneko komunikazioetan oinarrituta, PROYDE-PROEGAk Larrialdi Proiektua abian jarri du. Proiektua 2020ko abuztuaren 17an hasi eta abenduaren 10ean amaituko da.

Esan behar da herrialdearen egungo egoera oso hauskorra dela arlo politikoan eta ekonomikoan. Honek guztiak, Covid-19ren pandemiaren ondorio suntsitzaileekin eta hondamendi honekin batera, Beiruteko biztanleria kinka larrian jarri duen inflexio puntu batera eraman du. Gertakari horiek larriki konprometitzen dute La Salleko ikastetxeek ikasleei hezkuntza emateko duten gaitasuna, eta era berean eragiten die Fratelli Proiektuari, familia onuradunei eta Fratellik bere jarduerak garatzen dituen ikastetxeari, École Saint Vincent de Paul-i, hain zuzen.

Hau dela eta, La Salleko Anaiek larrialdiko nazioarteko deialdia egin dute, eta horri PROYDE-PROEGA gehitu zaio, Espainian dauden beste GGKE salletarrekin batera (PROYDE, PROIDE, PROIDEBA, Edificando CN) eta SED GGKEarekin batera, Fratelli Proiektuari elkarrekin laguntzeko indarrean dugun hitzarmenaren arabera. Abiaraziko ditugun jarduketen berri PROYDE-PROEGAren webgunean emango dugu eta sare sozialen bidez.

Solidarietà Internazionale ONLUSek sustatutako #LaSalleForBeirut izeneko ekimenarekin koordinatuta lan egingo dugu.

Kanpainari emandako dohaintza guztiak Fratelli proiektuaren Libanoko arduradunengana joango dira zuzenean, gizarte eta hezkuntza zerbitzuak, kaltetutako azpiegiturak eta kaltetutako familiei laguntza humanitarioa emateko.

Laguntza ekonomikoa eskaintzeko erak

Beste larrialdietan bezala, “Beiruteko leherketaren ondorioei aurre egiteko Larrialdirako” diru-laguntzak emateko prest dago PROYDE-PROEGAren kontu korrontea: ES29 2095 5010 34 1061863279: Kontzeptua: “Beirut Larrialdia” eta, Ogasunean desgrabatzea nahi bada, dohaintza egiten duenaren izen-abizenak gehitu behar zaizkio kontzeptuari.

Era berean, Larrialdi honen deialdia zabaltzera gonbidatzen dugu PROYDE-PROEGAren giza multzo osoa eta gure webgunean eta Sare Sozialetan zabalduko diren mezuen eta albisteen berri ematera ere.