Covid-19 pandemiak eragindako eragozpenetako bat bidaiatzeko zailtasuna izan da. Edonork pentsa dezakeen bezala, hori zailtasun gaindiezina izan da ia beti, Proyde-Proega erakundeak aspalditik udako boluntarioentzat antolatu izan dituen udako proiektuentzat. Gure erakundean, hain zuzen, boluntariotza solidarioaren arloan bi uda ezer egin gabe joan zaizkigu, ditxosozko koronabirusa zela-eta: 2020 eta 2021.
Baina 2022ko uda honetan osasun-egoerak hobera egin zuen, eta boluntario batzuek, ausardiaz eta era guztietako pila bat formulario bete ondoren, udako konpromisoak berreskuratu eta proiektu solidario bat ilusioz aurrera eraman ahal izan dute.
Hau izan da Periko Alkain eta Jesus Mari Arrietaren kasua, udako proiektu solidarioetan esperientzia handia duten bi gipuzkoar salletar hauen kasua. Euren helburua Abidjango Akwaba Zentroa izan da, Boli Kostako hiriburu administratiboan, beraientzat oso ezaguna dena; Perikorentzat bosgarren uda izan da Akwaban eta Jesus Marirentzat hirugarrena. Aurten, aurreko urtetan bezala, uztail osoa eskaini diote Akwabari.
Akwaba -‘Ongi etorri’ tokiko hizkuntzan- La Salleko Anaiek zuzentzen duten kaleko umeentzako Harrera Zentroa da, eta Proyde-Proegarekin lankidetza estua du aspaldidanik. Bere lehen helburua haurrak kaletik alde egin eta zentroan sar daitezen konbentzitzea da; horrela, haien osasun fisiko eta psikikoari, oinarrizko formazioari eta haur baten gainerako beharrei erantzun ahal izango zaie; eta, denborarekin eta mutilen beraien lankidetzari esker, onartuak eta maitatuak sentituko diren familia-nukleoren batera itzuli ahal izango dira, kaleko haur gisa parte hartu ahal izan duten astakerietatik haratago. Prozesu honi hasiera emateko, Zentroko zenbait begirale astean behin kaleko haurren bila ateratzen dira; badakite non babesten diren, haiekin hitz egiten dute eta interesatuak Akwaban sartzera animatzen dituzte. Bertan sendatu, elikatu eta jantzi egingo dituzte eta pixkanaka seguru sentituko dira, gustura, eta gizarteratze-prozesuari ekin ahal izango diote.
Perikoren eta Jesus Mariren lana, batez ere, eskolako zereginetan laguntzea eta jolas- eta kirol-jarduerak eta askotariko jolasak antolatzea izan da, neska-mutilak dibertitu zitezen eta, aldi berean, gizartean bizitzeko balio onuragarriak garatzen joan zitezen: elkarren babesa, laguntza, konfiantza, elkartasuna, sormena, lankidetza, eta abar. Baldintza egokietan lan egin ahal izateko, Gipuzkoatik eraman zituzten pilotak, gomak, globoak, kanikak, kartak, etab. Gainera, jarduera horietako askotan, adibidez udako eskolan eta kirolean, Abobo auzoko neska-mutilak ere gonbidatzen zituzten. Abobon, milioi inguru pertsona bizi dira baldintza oso txarretan, horietako asko haurrak eta gazteak izanik. Hemen nor-bakoitzak imajina dezake nahi duena: delinkuentzia, bortizkeria, droga, prostituzioa, segurtasunik eza… Perikok eta Jesus Marik diotenez, dena oso ongi joan zen, baina izango dituzte, nola ez, beraientzat gorde izan dituzten uneak, lasai egotea eskatzen zieten momentuak, inprobisatzea, listua irenstea eta dena ordenuan zegoela itxura egitea tokatu zitzaizkien uneak…
Egonaldiaren errematea hiritik 20ren bat kilometrora antolatu zuten bost eguneko kanpaldia izan zen. Bertan parte hartu zuten Akwabako berrogeita hamar mutilek, kanpadendetan bizi eta lo egin eta egunean zehar etxean normalean antolatzen ez diren jokoetan jolasteko egokiera izan zuten -kermesak, altxorraren bilaketa…- Eta, gauez, kanpamenduko suak animatu, danbor eta dantza ugariekin, artista handiak baitira. Esperientzia zoragarria izan zela, ziurtatzen dute… Kanpamenduaren amaieran, senideren bat hitzartuta zutenak berarekin joan ahal izan ziren oporrak pasatzera, eta oraindik familia-integrazio prozesuan zeuden hamahiru mutilak Zentrora itzuli ziren, gainerako oporrak bertan igarotzeko.
Proiektuaren amaieran, Periko eta Jesus Mari ezer gabe itzuli ziren, bizitzaz pozarren, era guztietako pasadizoak kontatuz. Eta, batez ere, beharrezkoa zen lana egin izanaren sentsazioarekin: haur eta begirale haiei eskaini dien guztiagatik, eta baita ere –batez ere? –, esperientziak euren pertsonei eta bizitzari berari buruz irakatsi dieten guztiagatik. Izan ere, ez dago zalantzarik: Akwabak pertsonak aldatu egiten ditu… Orain, hurrengo udan pentsatzera, uste baino lehen iritsiko baita, proiektu solidarioz beteta, aurrera eramango dituzten pertsona eskuzabalen bila…